Prestakuntza euskaraz dator
Zorionak eman berri dizkiete Gipuzkoako Diputazioko hainbat langileri Jaurlaritzako langile euskaldunen blogean (Tiraka). Izan ere, Aldundiko hainbat langileren artean, hamabik aukeratu zuten sinadura elektronikoari buruzko ikastaroa euskaraz egitea; gainerakoek, euskal hiztunak tartean, gaztelaniaz egiteko aukera jakinarazi zioten Aldundiko Prestakuntza Zerbitzuari. Blog horretakoen ustez, hamabi horien aukera ez da ohikoa izaten haien lan inguruetan, eta egoki ikusi dute ikastaroa euskaraz egitea aukeratu dutenak zoriontzea.
Zorionez, gero eta gehiago dira Diputazioan lanerako formazioa euskaraz egitea aukeratzen duten euskal hiztunak. Arrazoiak hainbat dira: lana euskaraz (ere) egiten dutenez, egokia eta beharrezkoa izatea; familian, lagunartean eta bizilekuan euskaldun bizi diren aldetik, lanean ere euskaraz formatzea natural ikustea; euskaraz formatzea oportunitate profesional interesgarritzat hartzea; …
Bestetik, komenigarria da gogoratzea oraindik Diputazioan euskaraz antolatutako hainbat ikastaro egin gabe geratzen direla pertsona gutxi dagoelako izena eman gabe. Horrelakoetan, Prestakuntzako antolatzaileentzat irtenbide bat izan daiteke langileen artean informazio gehiago zabaltzea eta profesional publiko gisa euskaraz formatzeko motibazioa sustatzea.
Gainera, Diputazio osoko ikastaroetan ez ezik, departamentu bakoitza formazioan zertan hobetu badago: eguneroko lanei egokitutako ikastaroak antolatzea, euskaraz egiteko aukerak areagotzea eta hizkuntz irizpideak hobetzea...
Azkenik, hainbat lankideren ustez, langileen prestakuntza saioak euskaraz ematea Diputazioko euskal hiztunen artean laneko hizkuntz ohitura berriak sortzeko bide bat da. Hor erronka interesgarria dugu bai Aldundiak (euskarazko saio gehiago antolatzea) eta bai euskal hiztunok (euskarazko formazio saioetan izena ematea).

Zabaldu
del.icio.us