Kontsumo iraunkorra
Esnatu berritan harrapatu ninduen. Goizeroko gosari legea egiten ari nintzen, irratiak loaren azken orratzetik askatu ninduenean. Andoni Aizpururena iruditu zitzaidan ahotsak kontsumo iraunkorraren aldeko mezua helarazi zidan, Eusko Jaurlaritzaren Inguramen eta Lurralde Antolamendu sailaren izenean. Kontsumo iraunkorra. Harrapazank!
Lehendik kontsumismoaren apologia neurrigabea egiten duen publizitate zaparrada eta mezu subliminalen zirimiria nahikoa iruditu ez, eta gainetik Herri Administraziotik ere etengabe kontsumitzera bultza behar ote ninduten ba? Izan ere, hori baita nire euskal senak ulertzen duena kontsumo iraunkorra entzutean: etengabeko kontsumoa. Badakit gaztelaniazko “sostenible” horren baliokidetzat euskaraz “iraunkor” emana duela Euskaltzaindiak. Agian testuingururen batean (edo gehienetan, behar bada) baleko izan liteke itzulpen hori. Baina den-denetan ez da bikote hori ongi uztartzen. Eta, nire ustez, hemen aipatutako kasua nabarmena da.
Utzi diezaiogun Eroskiri eguberrietan eta urte guztian (gaur egun eguberriek urte osoa irauten baitute, baina horretaz beste noizbait bueltatuko gara) kontsumo iraunkorra eskatzen; hori bai: gero guk kasurik ez egitekotan. Baina aldaketa klimatikoa saihesteko neurriei buruz ari garenean, eska dezagun kontsumo jasangarria, edo kontsumo eramangarria, edo neurrizko kontsumoa. Halakoxea dugu euskaldunok fama: gutako bakoitzak barruan filologo bat eramatearena. Horixe izango da agian nire bekatua ere; edota nire euskal sena kutsatu xamarra egotea; edo biak batera.
Pozik entzungo nuke lankideok diozuena. Puntua ipinita dago; erantzutea, libre.
---
Xabier Gaztelumendi

Zabaldu
del.icio.us
Piztu dezagun gure barruko filologoa...
Eztabaida luzea izan zen Diputazioko itzultzaileen artean joan den agintaldiaren hasieran, terminoa (departamentu baten izendapena) finkatzean. Euskaltzaindiaren ebazpenak bukatu zuen eztabaida.
Nire ustez -terminoak hainbat urtetako ibilbidea egin ondoren-, egokia da "iraunkor" hartzea gaztelaniazko "sostenible" hitzaren ordaintzat. Kasu gehienetarako edo, gutxienez, askotarako balio du: garapen iraunkorra, ekonomia iraunkorra... Berez, Diputazioaren literatura administratiboan finkatu samarra dago, maila idatzian behintzat.
Euskarazko ordaina finkatzeak abantaila ugari ditu, besteak beste jendearentzat erreferentzia bateratua izatea. Ez da gutxi.
Egia da, bestetik, bikote batzuetan ez dela oso txukun geratzen, "kontsumo iraunkor" kasu. Horretarako, "jasangarri" baliozkoa dela uste dut nik ere. "Neurrizkoa" erabiltzekotan, oso zaila egingo litzaidake neurria non jarri zehaztea.