Aldundiko hizkuntza politikaz (eta II)
4. Hizkuntza simetria. Ezinezkoa da Azpeitian administrazio publikoetan gaztelania erabili nahi duen edozeinek eskubide mugagabeak izatea eta, aitzitik, euskara erabili nahi duenak eskubide berberak erabili ezin izatea epaitegian, notariotzan, osasun zentroan edo erregistroan: euskaraz bizi nahi duenari hala bizitzeko aukera bermatu behar zaio, eta lortu egin behar du.
5. Derrigortasun data. Lanpostu bakoitzak derrigortasun data izan dezake, eta data hori betetzen denean soilik joko da hizkuntza eskakizuna nahitaezko exijentzia gisa lanpostu bete ahal izateko.
6. Zerbitzu hizkuntza. Normalean, hizkuntza eskakizuna nahitaezko exijentzia izan behar da jendaurreko postuetan eta unitate elebidunetan, herritar guztien hizkuntza eskubideak benetan beteko badira. Argi dago euskara, gaztelaniarekin batera, zerbitzu hizkuntza izan behar dela alor guztietan.
7. Lan hizkuntza. Euskara Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan hizkuntza bilakatu nahi bada, oso garrantzitsua izango litzateke, diputatuek eta zuzendariek, euskaldunak diren kasuetan, txostenak, proposamenak eta barne prozedurak euskaraz tramitatzea. Normaltzat jo beharko litzateke funtzionarioei exijitzea, karguak betetzeko izendatzen direnean (zuzendariorde, idazkari tekniko, zerbitzuburu, unitateburu edo atalburuari dagokion kargua), ezinbesteko baldintza bezala eta gaitasun profesionalaren ezaugarri bezala, 3. edo 4. hizkuntza eskakizuna lortua izatea. Horrela, zuzendaritza edo ardura lanak eta koordinazio lanak euskaraz egin ahal izango dira.
Tagak: hizkuntza politika
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us

