Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Galdutako naturaltasunaren bila

Joan den abenduaren 3an, Kursaalen jardunaldi instituzionala antolatu zuen Ogasun eta Finantza Departamentuak, Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuaren eskutik, Europar Batasunaren 50. urteurrena zela-eta. Lehendakaria, diputatu nagusia, Gizarte Zerbitzuetako diputatua eta bestelako pertsona ospetsuak hurbildu ziren beren hitza agertzera.

Kursaal zentroak interpretari (itzultzaile) zerbitzua eskaintzen du, hala eskatuz gero, haren aretoetan antolatuak diren ekitaldietan. Saioan huraxe eskatu zuen departamentuak, interpretari batekin kontratu bat sinatuta. Interpretazio zerbitzua emateren helburuak bi izan ziren: entzule guztiek euskarazko hitzaldiak ulertuko zituztela ziurtatzea, eta hizlariek euskaraz naturaltasunez egitea.

Kontua da lehendakariak, diputatu nagusiak, Gizarte Zerbitzuetako diputatuak eta Arartekoak elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz) hitz egin zutela, nahiz eta erdal entzuleen zerbitzura interpretaria izan. Arantza Urretabizkaia idazleak bakarrik egin zuen euskara (hutse)z, eta interpretariak gaztelaniara itzuli zuen.

Hizlari euskal hiztun haien portaeraren atzean, maiz euskal hiztunon artean gertatu ohi den fenomeno bat dago, nire ustez: euskaldunok batzuetan (solaskide gutxi edo askoren aurrean) euskaraz naturaltasunez egiteko izan dezakegun beldurra edota konplexua. Horrek eraman gaitzake, adibidez lantokian jende talde baten aurrean (formazio saioa, lan bilera, jendarteko aurkezpen saioa…) euskaraz ez egitera, lehen hitza euskaraz egiteko beldurrez egotera edo, kasurik onenean, sistematikoki azalpena bi hizkuntzetan ematera (euskaraz egiteko aukera aztertu gabe).

Valentziatik datorren Hizkuntza Psikologiaren ikuspegitik, hizkuntza mendetasuna esaten saio horri eta, haren ondorioa da hizkuntza neketasuna, alegia norberaren hizkuntzaz mintzatzeari uztea. Fenomeno konplexua da, baina ekitaldi hartan islatuta geratu zen, nire iritziz.

Kursaalen gertatutakoa saihesteko bideak errazak dira. Aldundiko (eta bestelako) kargu politikoek eta protokolo arduradunek hizkuntza kontzientzia hartzetik hasi daiteke. Horrekin batera, baliabide egokiak eskaini behar dira (adibidez, protokolozko ekitaldietarako hizkuntza irizpide batzuk ezartzea eta betetzea). Horiexek lagundu dezakete jendaurreko ekitaldietan euskaldunok euskaraz naturaltasunez egitea.

Tagak:
Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>