Zuzentzaile ortografikoa
Zure lanean testuak idazten badituzu, komenigarria da zuzentzaile ortografikoa erabiltzea. Horretarako, Xuxen zuzentzailea egokia da.
Izan ere, ohitura faltaren poderioz, batzuetan ez dugu betarik hartzen idatzitakoa birpasatzeko. Hori dela eta, behin baino gehiagotan akats ortografikoren bat gertatzen da testuaren barruan, eta testuaren hartzailea izaten da akatsen berri ematen diguna.
Arazo hori saihestea erraza da. Zuzentzaile ortografikoa da irtenbide onena. Foru Aldundiko Intraneten aurkitu dezakezu:
- Erabilpenak eta baliabideak
- Hizkuntza baliabideak
- Euskarazko zuzentzaile ortografikoa
Azken atal horretan sartuta, jarraibideak irakurri eta kasuan kasuko artxiboa jaitsi eta instalatu behar da. Hortik aurrera, Worden txertatuta geratzen da zuzentzailea, eta testua idazten duzun bakoitzean Wordek zalantzan dagoen edo oker idatzi den hitza gorriz azpimarratuko du. Saguaren eskuineko botoiari emanda irtenbide egokiena aukeratu behar duzu.
Jaioberriak euskaraz erregistratzeko kanpaina
Informazio gehiago: 948 146 172 edo behatokia@behatokia.org
Beñat Gaztelumendiri elkarrizketa
Hona hemen Beñat Gaztelumendiri, gure lankidea den Xabier Gaztelumendiren semeari, Irutxulo egunkarian egindako elkarrizketa.
Galdutako naturaltasunaren bila
Joan den abenduaren 3an, Kursaalen jardunaldi instituzionala antolatu zuen Ogasun eta Finantza Departamentuak, Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuaren eskutik, Europar Batasunaren 50. urteurrena zela-eta. Lehendakaria, diputatu nagusia, Gizarte Zerbitzuetako diputatua eta bestelako pertsona ospetsuak hurbildu ziren beren hitza agertzera.
Kursaal zentroak interpretari (itzultzaile) zerbitzua eskaintzen du, hala eskatuz gero, haren aretoetan antolatuak diren ekitaldietan. Saioan huraxe eskatu zuen departamentuak, interpretari batekin kontratu bat sinatuta. Interpretazio zerbitzua emateren helburuak bi izan ziren: entzule guztiek euskarazko hitzaldiak ulertuko zituztela ziurtatzea, eta hizlariek euskaraz naturaltasunez egitea.
Kontua da lehendakariak, diputatu nagusiak, Gizarte Zerbitzuetako diputatuak eta Arartekoak elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz) hitz egin zutela, nahiz eta erdal entzuleen zerbitzura interpretaria izan. Arantza Urretabizkaia idazleak bakarrik egin zuen euskara (hutse)z, eta interpretariak gaztelaniara itzuli zuen.
Hizlari euskal hiztun haien portaeraren atzean, maiz euskal hiztunon artean gertatu ohi den fenomeno bat dago, nire ustez: euskaldunok batzuetan (solaskide gutxi edo askoren aurrean) euskaraz naturaltasunez egiteko izan dezakegun beldurra edota konplexua. Horrek eraman gaitzake, adibidez lantokian jende talde baten aurrean (formazio saioa, lan bilera, jendarteko aurkezpen saioa…) euskaraz ez egitera, lehen hitza euskaraz egiteko beldurrez egotera edo, kasurik onenean, sistematikoki azalpena bi hizkuntzetan ematera (euskaraz egiteko aukera aztertu gabe).
Valentziatik datorren Hizkuntza Psikologiaren ikuspegitik, hizkuntza mendetasuna esaten saio horri eta, haren ondorioa da hizkuntza neketasuna, alegia norberaren hizkuntzaz mintzatzeari uztea. Fenomeno konplexua da, baina ekitaldi hartan islatuta geratu zen, nire iritziz.
Kursaalen gertatutakoa saihesteko bideak errazak dira. Aldundiko (eta bestelako) kargu politikoek eta protokolo arduradunek hizkuntza kontzientzia hartzetik hasi daiteke. Horrekin batera, baliabide egokiak eskaini behar dira (adibidez, protokolozko ekitaldietarako hizkuntza irizpide batzuk ezartzea eta betetzea). Horiexek lagundu dezakete jendaurreko ekitaldietan euskaldunok euskaraz naturaltasunez egitea.
Euskara Mintzagai Bilduma
Euskara Mintzagai Bildumaren lehen bi aleak daude eskuragai: Euskararen geografia historikoa eta Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun. Bi aukera eskaintzen dira: pdf formatoan jaitsi edo html bertsio elektronikoan irakurri.
Zazpi zezen eta txahal bat
Gure lankidea den Xabier Gaztelumendiren semea, txapeldun ordea geratu zen 2007ko Gipuzkoako bertsolarien txapelketan. Beñat Gaztelumendi, Ilunbeko zezen plazan gazteena, bikain moldatu zen zazpi zezenekin. Hona hemen berari buruz Irutxulo egunkariko kazetariak idatzi zuena:
“Mendiluzeren garaipenak ez zituen ezustean hartu bildutakoak, baina bai, ordea, Gaztelumendiren saio bikainak. Finaleraino iritsita, lan txukuna espero zitekeen añorgatarraren aldetik, baina gaztea izanda ere, etorkizun oparoa duela erakutsi zuen. Fin aritu zen, bai zortzikotean egindako lanetan eta baita buruz burukoan ere.
Sarrera agurrean bertan mahai gainean jarri zuen bere gaztetasuna «zazpi zezen eta txahal bat» etorriak zirela esatean. Zortziko handian Sarriegirekin aritu zen, eta etorkinen inguruko gaia jarrita, txukun aritu ziren biak, baina gehiegi distiratu gabe. Zortziko txikian, aldiz, guardian dagoen farmazeutikoaren paperean ikus-entzuleen txalo zaparrada jaso zuen, kondoiak erostera hurbildu zen Agirreri emandako erantzunekin.
Kartzelako gaian, umoreaz gain, sentiberatasuna ere baduela erakutsi zuen, aita kanpoan duela Olentzerori oparia eskatzen dion haurraren paperean jarriaz.”
Berripapera zuen ordenagailuan
Langile Euskaldunon Taldeko gida batzordearentzat garrantzitsua da oro har departamentuko lankide guztiengana eta, bereziki, taldeko kideengana iristea. Izan ere, ezagutzen ez dena ezin da ulertu, barneratu eta bizi. Horretarako, ERROTAN BERBETAN bloga ez ezik, aldizkako buletin edo berripapera ere ematen dugu argitara: XUXURLA.
Haizeak egiten duen zurrumurrua da xuxurla. Horixe da gure taldearen jarduna eta taldeko kideen jarduna, euskararen hiztunon hizkuntz kontzientzia dela medio, departamentuko lantokietan egitera iritsi nahi duguna.
Bizpahiru hilean behin Ogasuneko langileei banatzea da gure asmoa. Hainbat eduki jasoko ditu berripaperak:
- euskararen munduko berriak
- langileentzako hizkuntz baliabideak
- departamentuko hizkuntz kudeaketari buruzko iritzi eta proposamenak
- elkarrizketak
- Langile Euskaldunon Taldearen albisteak
Dena den, blog honen "Gure taldea" atalean jasota geratuko da berripaperaren aldian aldiko zenbakia, nahi duenarentzat kontsultagai.
Durangoko Liburu eta Diskoaren Azoka
Bihar hasiko da Durangoko Liburu eta Diskoaren azoka, bihartik igandera arte aukera ederra izango dugu aurten argitaratutako liburu eta diskoak erosteko, edo Olentzerorako opariak egiteko.
Durangora joan baino lehen ondo etor dakizueke euskal produktuen katalogoa aldez aurretik begiratzea


Zabaldu
del.icio.us
