Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Windows eta Officce euskaraz

Gure lan ingurunea aldatzen ari da hizkuntzei dagokionez: gero eta gehiago dira euskaraz dakiten lankideak, gero eta maizago egokitzen zaigu lan bat euskaraz egitea, informazioa eta dokumentazioa gehiagotan datorkigu euskaraz...

Lan ingurune aldakor horretara egokitzeko beste modu bat da norberaren ordenagailuaren programak euskaraz jartzea. Zehazki, oinarrizko softwarea: Windows eta Officce. Egun Ogasun eta Finantza Departamentuko 140 langilek dute euskarazko bertsioa instalatua.

Baldintza bat bete behar da euskarara aldatzeko: ordenagailuean Windows XT eta Officce 2003 instalatuta edukitzea.

Ordenagailuaren hizkuntza aldatu edo euskarazko bertsioa frogatu nahi baduzu, idatzi mezua Langile Euskaldunon Taldeari, eta guk eskaera tramitatuko dizugu.

  • Gure e-postako helbidea: langileeuskaldunok(a bildua)gipuzkoa.net

Berriak herritarrekin ospatuko du bosgarren urteurrena

Ekainaren 21ean 5 urte beteko dira guztion artean BERRIA sortu genuenetik. 5 urte oparo. Ekainaren 21ean jai handia egingo da Donostiako Kursaalen, 5. urteurrena ospatzeko. Eskualdetan egingo diren ekitaldiek osatuko dute "Luzatu bostekoa" deritzon urteurren ospakizuna, gaur hasita, hilak 15, Martin Ugalde Kultur Parkean.

 BERRIAko sortze prozesuan oso garrantzitsua, ezinbestekoa esango genuke, izan zen herriz herri egin zen lana. Herri batzordeak, kultur ekitaldiak, diru bilketak, akzio salmenta, harpidedunak egiteko kanpainak... izan ziren proiektuaren oinarria. Lan horrek bere fruitua eman du eta egun sendotutako proiektua da BERRIA.

Ekainaren 21a bitartean, hainbat ekitaldi egingo ditugu eskualdez eskualde. Ekitaldien helburua bikoitza da: BERRIA sortzeko egindako lana eskertzea eta aurrera begirako proiektuak aurkeztea. Guztira 22 ekitaldi egingo dira, beste hainbeste eskualdetan.

Aste honetan bertan egingo dira lehenengo biak. Estrainekoa Buruntzaldean egingo dugu, apirilaren 15ean, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, iluntzeko 20.00etan. Bigarrena, Busturialdean egingo da, Gernikako Elai Alai aretoan, iluntzeko 20.00etan.

Egunero BERRIA egiten dugunontzat garrantzitsua da 5. urteurren hau proiektua posible egiten duten guztiekin ospatzea.
Ekitaldietan bost urte hauetako lana jasotzen duen bideoa ikusi ahal izango da eta ondoren hitzaldi baten bitartez aurkeztuko ditugu aurrera begira ditugun erronkak. Amaitzeko, parte hartzen duten guztiek mokadua jateko aukera izango dute.

Ekainaren 21ean, egun horretan beteko dira 5 urte BERRIA lehen aldiz argitaratu zenetik eta egun horretan egingo da ekitaldi nagusia Donostiako Kursaalen.

Hizkuntzaren Salbazioa

Hemen dituzue, Richard E. Littlebear hizkuntzalari cheyenneak 1996an Ipar Amerikako hizkuntza natiboen egoeraz eta biziberritzeko bideez egindako gogoeta interesgarri batzuk:cheyen.JPG

Ameriketako indigenon hizkuntzak ahozkoak izan dira betidanik. Haietako batzuk azken hiru mendeotan idazten hasi dira. Baina gure hizkuntzak irakasteko orduan ahozko tradizio hori hartu behar dugu gogoan.

Batzuetan ahozko tradizoa ukatu eta itsu-itsuan jarraitzen diogu hizkuntzak irakasteko ezagutzen dugun eredu bakarrari: ingelesa irakatsi ziguten modua, gramatikari hainbesteko indarra ematen diona. Gure hizkuntzak ahozko tradiziorik ez baleukate bezala irakastea porrota ekarri duten arrazoietako bat da, beraz, orain porrotaren tradizioaren antzeko zerbait daukagu.

Porrotaren tradizio hori dela eta ez dela, gure hizkuntza gordeko duen edozerekin geratzen gara liluratuta. Ondorioz, orain gure hizkuntza ustez salbatuko zuten konponbide bakarren letania bat dugu orain. Konponbide bakar bat laster beste konponbide bakar batek ordezkatzen du.

Adibidez, gutako batek esan zuen: "Jar ditzagun gure hizkuntzak idatziz". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Egin ditzagun hiztegiak gure hizkuntzenak". Egin genituen hiztegiak eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Ondoren esan genuen: "Trebatu dezagun gure jendea hizkuntzalaritzan, gure hiztunak".Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Eska dezagun hezkuntza elebidunerako diru-laguntza". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Irakats ditzagun gure hizkuntzak eskoletan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Sor ditzagun kultur produktuak kalitatekoak". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero esan genuen: "Grabatu dezagun gure zaharren mintzoa". Egin egin genuen, eta hizkuntzek, hala ere, hiltzen jarraitu zuten.

Ondoren: "Bideoak egin ditzagun, gure zaharrak zer egin tradizionaletan gure hizkuntzak ahoan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Gero: "Jar ditzagun gure hiztunak CD-ROMean". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.

Azkenik baten batek esango du, "Izoztu ditzagun geratzen diren hiztun apurrak, honela teknologiak aurrera egiten duenean, haiek berpiztu eta hizkuntza natiboen hiztunak izango ditugu", eta egin egingo dugu eta hiztun hauek etorkizun urruneko mundu batean berpiztuko dira, euren hizkuntza dakiten bakarrak izango direna eta inork ez die ulertuko. Letania honetan konponbide bakoitzean gure hizkuntza salbatuko zuena ikusi dugu - eta hizkuntzak ez dira salbatu.

Kriogenia eta izoztea azken-azkenengo neurriak baino ez dira, jakina. Kontua da, irakaskuntza eta teknologiaren aurrerapen guztiarekin ere, eta harekin dugun menpekotasun gero eta handiagoarekin, gure hizkuntzak hiltzen ari direla oraindik. [...]

Ingelesaren eraginari aurre egiteko, familiak hizkuntzaren lehenengo irakaslea izateko papera berreskuratu behar du. Eurek erabili behar dute hizkuntza egunero, edonon, guztiekin. Baina irakastea eskolaren gain utziko badute, sostengua eman behar diote hari, eta ahozkotasunean oinarritutako irakasbideak erabiltzen dituztela ziurtatu.[...]

Ezin dugu beti ibil negarrez, gure hizkuntzen heriotzaren arrazoiak katalogatzen, horren ordez, aurrera egin behar dugu hizkuntzen biziberritzeko ahaleginetan izan diren arrakastei erreparatuta.

Zer ikasia izango lukete gugandik? Ala guk haiengandik gehiago?

 

 

Aldundiko hizkuntza politikaz (eta II)

4. Hizkuntza simetria. Ezinezkoa da Azpeitian administrazio publikoetan gaztelania erabili nahi duen edozeinek eskubide mugagabeak izatea eta, aitzitik, euskara erabili nahi duenak eskubide berberak erabili ezin izatea epaitegian, notariotzan, osasun zentroan edo erregistroan: euskaraz bizi nahi duenari hala bizitzeko aukera bermatu behar zaio, eta lortu egin behar du.

5. Derrigortasun data. Lanpostu bakoitzak derrigortasun data izan dezake, eta data hori betetzen denean soilik joko da hizkuntza eskakizuna nahitaezko exijentzia gisa lanpostu bete ahal izateko.

6. Zerbitzu hizkuntza. Normalean, hizkuntza eskakizuna nahitaezko exijentzia izan behar da jendaurreko postuetan eta unitate elebidunetan, herritar guztien hizkuntza eskubideak benetan beteko badira. Argi dago euskara, gaztelaniarekin batera, zerbitzu hizkuntza izan behar dela alor guztietan.

7. Lan hizkuntza. Euskara Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan hizkuntza bilakatu nahi bada, oso garrantzitsua izango litzateke, diputatuek eta zuzendariek, euskaldunak diren kasuetan, txostenak, proposamenak eta barne prozedurak euskaraz tramitatzea. Normaltzat jo beharko litzateke funtzionarioei exijitzea, karguak betetzeko izendatzen direnean (zuzendariorde, idazkari tekniko, zerbitzuburu, unitateburu edo atalburuari dagokion kargua), ezinbesteko baldintza bezala eta gaitasun profesionalaren ezaugarri bezala, 3. edo 4. hizkuntza eskakizuna lortua izatea. Horrela, zuzendaritza edo ardura lanak eta koordinazio lanak euskaraz egin ahal izango dira.

Aldundiaren hizkuntza politikaz (I)

Joan den urtearen bukaeran topaldi ez-ohikoa eta interesgarria izan zen Foru Aldundian. Izan ere, departamentu guztietako goi karguak (diputatuak eta zuzendari nagusiak) bildu zituen Markel Olano diputatu nagusiak. Agintaldi hasiera baliatu zuen Olanok mintegi moduko batean karguei Foru Aldundiaren hizkuntza politikaren berri azaltzeko.

Horretarako, alde batetik, EHUko zuzenbide katedradun Iñaki Agirreazkuenaga ekarri zuten kargu politikoen aurrean hizkuntza politikaren alderdi juridikoak azaldu eta argitzeko. Beste aldetik, Euskararen zuzendari nagusi Estibaliz Alkortak Aldundiaren hizkuntza politikaren berri eman zien karguei.

Agirreazkuenagaren azalpenak agiri batean jasota daude. Guri gogoeta interesgarri iruditu zaigulako ekarri dugu hona. Ez dugu hemen errepikatuko agiri osoa (Hizkuntza alorreko oinarrizko printzipioak eta Gipuzkoako Aldundiko hizkuntz plangintza: oraina eta geroa), eta blog honen Irakurgaiak atalean jarri dugu zuen eskura. Funtsezko puntuak baino ez ditugu aipatuko.

1. Zerbitzu eta lan hizkuntza. Administrazio publikoek ziurtatu behar dute herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dela kanpo harremanetan. Barne edo lan harremanetan euskara bakarrik erabil daiteke Administrazioak hala erabakitzen badu (horixe gertatzen da Estatuko Administrazio Periferikoan gaztelaniarekin).

2. Orekazko irtenbidea. Funtsezko arazo honi irtenbidea aurkitu behar dio Administrazioak: biztanleriaren zati batek hizkuntza ofizialetako bat (gaztelania) bakarrik ezagutzen duenean, nola uztartu hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta hizkuntza dela-eta diskriminatua ez izateko printzipioa? Horretarako, hizkuntza plangintzaren beharra eta Gipuzkoako errealitate soziolonguistikoa uztartu behar dira.

3. Errealitate soziolinguistikoa. Gipuzkoan biztanleen erdia baino gehiago elebiduna izateak berarekin dakar Administrazioko langileen euskara ezagutza Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoan dagoen euskararen ezagutzaren parean jartzen duen plangintza prestatu beharra.

Bazkariko argazkiak

Atzo Urkiola sagardotegian bazkaria izan zen, Langile Euskaldunon Taldeak antolatuta. Elkarrekin momentu atsegina pasatu eta elkarren berri izateko asmoz elkartu ginen.

Bazkarian izandako giroaren lekuko dira irudi hauek:

Kupeleko bertsoak

Gaur elkartuko gara departamentuko langile euskaldunok Urkiola sagardotegian (Donostiako Igara auzoa) bazkaltzera. Kupel ondoan abesteko, hainbat bertso prestatu dutugu, Andre Madalen doinuan abesteko.

Izena eman sagardotegiko bazkarian

Aurrera doa Langile Euskaldunon Taldeak antolatutako sagardotegiko bazkarirako izena emateko epea. Gogoratu datorren martxoaren 13an, ostegunez, izango dela bazkaria Igara auzoan.

Horregatik, izena eman lehenbailehen zuen lantokian.

Xuxurlaren 2. zenbakia

Xuxurla berripaperaren bigarren zenbakia argitaratu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Izan ere, departamentuko langile euskaldunei berri emateko eta komunikazio zubiak egiten laguntzeko sortua da berripapera.

Blogaren eskuinaldeko Gure taldea ataletik jaitsi dezakezue PDF formatuan.

Euskal kulturaren kontsumoaz

Gogoeta interesgarria egin zuen lehengoan Kike Amunarrizek euskkal kulturaren kontsumoz: Minutu erdiko 10 ideia euskal kulturaren kontsumoaz izeneko artikuluan, Erabili.com webgunean. Oinarrizko 10 puntutan laburbildu zituen gaiari buruzko bere ideiak.

Guk are laburtuta ematen ditugu Errotan Berbetan-en:

1. Euskarazko kultur produktuak kontsumitzeko, euskaraz jakitea komeni da, baina ez da nahikoa.

2. Euskarazko kultur kontsumoaren hedapena eta garapena 3 ardatzen inguruan burutu beharko da: derrigorrezkotasuna, eskuragarritasuna eta erakargarritasuna

3. Merkatua zabaldu beharra dago, horretarako produktu egokiak ekoiztuz

4. Euskal Herriko eta euskaldunen kultur joerei buruzko datuak behar ditugu

5. Hizkuntza bera, oztopo eta uxatzailea da askorentzat

6. Euskarazko kultur produktu gehienak ez dira existitzen biztanleriaren gehiengoarentzat

7. Internet euskarazko edukiz elikatzea estrategikoa da

8. Euskarazko kultur kontsumoa parametro erregionalistetan gertatzen da, ez parametro nazionaletan

9. Gure 7 bekatu nagusiak aitortu eta baztertu behar ditugu

10. Joxerra Garziari gaur Ordizian emango duen hitzaldiaren izenburua lapurtuta: "Ze kristo, arraio, demontre egin behar dugu euskararekin? Eta euskal kulturarekin?"

11. Eta esportatu, noski.