Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Pixka bat es mucho

Askotan Foru Aldundian esaten dugu gure alboko lankide asko eta asko euskara ulertu ez ezik oinarrizko elkarrizketak egiteko gai direla, baina hainbat arrazoi direla medio (aldeko testuingururik ez izatea, segurtasun falta sentitzea, lotsatzea...) ez ditugula euskaraz entzuten.

Hori dela eta, guk euskaldunok hiztun gisa haiei babesa ematea izan daiteke haientzako modurik erakargarrienetako bat lankide horiek euskaraz egiten eroso sentitu daitezen, haien ezagutza maila txikia edo ertaina bada ere. Horrela, merezi du dakiten gutxi edo asko hori egiteko gonbitea luzatzea.

Berriki, Eusko Jaurlaritzak Pixka bat es mucho bideoklipa atera du. Hor ematen den mezuarekin bat egin dezakete lankide horiek.

  • Bideoklipa ikusi eta entzuteko, sakatu hemen.

Euskara zuzendariarekin solasean

Arestian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria elkarrizketatu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Giro zintzo batean erantzun zizkion gure galderei. Hona ideia nagusiak:

  • "Herritarren hizkuntz eskubideak bermatu behar dira, bai ahozko harremanetan eta bai idatzizko harremanetan."
  • "Segurtasuna eman behar diegu [langileei], euskaraz jardutera iritsi daitezkeelako."
  • "Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langile guztiak sartuko dira erabilera planetan."
  • "Aldundiko jendaurreko lanpostuen mapa sortu nahi dugu."

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, sakatu hizkuntzaren gainean:

Lehen hitza beti euskaraz

Erraz aldatzen dugu hizkuntzaz euskaldunok

Uste baino gehiagotan euskaldunon artean hizkuntzaz aldatzen dugu. Norberaren edo ingurukoen hizkuntza ohituren inertziaren eraginez jokatzen dugu:

  • gaztelaniaz hasten dugu elkarrizketa (baita askotan inork eskatu gabe ere), edo
  • momentu batean hizkuntzaz aldatzen dugu (eta euskarari uko egin), edo
  • euskarari eustean deseroso sentitzen gara.

Txiki-txikitatik, euskaldunok beste euskal hiztunekin euskaraz egiten ikasi dugu, baina inork ez digu erakutsi gauza bera egiten solaskidea beste hizkuntza batean mintzatzen zaigunean edo bestea zein hizkuntzatan mintzatuko zaigun ez dakigunean, baina jakin behar dugu beste irtenbide bat ikasi dezakegula: euskaldunekin euskaraz hitz egitea.

… baina beste irtenbide bat ikasi dezakegu (ikus BIDEOAK, gainean sakatuta)

  • Xabier: "Euskaraz hizketan hasiz gero, euskaraz jarraitzeko posibilitatea dago".

  • Anparo:“Lehen hitza euskaraz emana dut, eta inertziaz horrela jarraitzen dut”.

  • Begoña: “Euskaldunoi gertatzen zaigu euskaraz entzuten dugunean hasten garela euskaraz hizketan; bitartean, erraz jotzen dugu gaztelaniara”.

Egunero erabili ditzakegun baliabideak

  • lehen hitza euskaraz egitea, solaskideak esango digu bestela nahi badu
  • solaskidea euskalduna dela jakinik, beti euskaraz jarraitu, hark ez egin arren
  • elkarrizketa hasi aurretik, solaskideak euskaraz ba dakien galdetu
  • solaskideari eskatu zurekin euskaraz egiteko
  • euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen solaskide bat euskal hiztunen talde batera hurbiltzen bada, hari euskaraz egiteko aukera baloratu, hark gaztelaniaz egin arren (litekeena da euskaraz jakitea)
  • taldean euskaraz ez dakienik ere bada, ez egin uko euskaldunekin euskaraz.

Oinarrizko hiztegiak

Euskarazko testu bat edo testu elebidun bat idazten ari garenean, batzuetan zalantzan gaude hitz bat nola idatzi edo adierazi. Zalantza argitzeko, irtenbide errazenaz gain (aldameneko lankideari galdetzea, adibidez), beharrezkoa izaten da oinarrizko hiztegia pantailan izatea.

Hori dela eta, komenigarria da gure ordenagailuko nabigatzailean oinarrizko hiztegi hauen lotura egitea, loturak (Vínculos) edo Gogokoak (Favoritos) botoian:

Jakina, ogasun alorreko hiztegia ere beharrezko baliabidea dugu lanean.

Euskara salbatzeko dekalogoa

Hemen duzue Pako Aristik Berrian idatzitakoa:

1-Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko, urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez, euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.

2- Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da. Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.

3- Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari, inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria: euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.

4- Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du izan.

5- Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola, gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago; seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.

6- Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna. Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak, reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen sentipena nagusitu dadin.

7- Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri, idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan ausartak.

8- Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak: euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura, euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit, Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea...

9- Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala, Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.

10- Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten moduan gizarte osora irits daitezen.

Euskaraz bizi al gaitezke?

Euskal hiztunoi begiak irekitzen laguntzen digu Ferran Suay psikologo valentziarrak Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratutako artikulu batean:

  • Txiki-txikitatik, euskaldunok beste hiztunekin euskaraz egiten ikasi dugu, baina inork ez digu erakutsi gauza bera egiten solaskidea beste hizkuntza batean mintzatzen zaigunean edo bestea zein hizkuntzatan mintzatuko zaigun ez dakigunean.
  • Euskararen presentzia soziala areagotzeko ahalegin orok euskal hiztunak beren hizkuntzan mintza daitezen lortzeko egin beharko du, baita solaskidea euskalduna ote den ez dakitenean ere.
  • Hainbat aurreiritzirekin jokatzen dugu askotan: euskaldunok hizkuntza aldatzea gizalegezkoa dela dioen ustea (eta erdaldunek ezin al dute al da gizalegezko izan, bada?).
  • Norberaren hizkuntzari eustea jarrera asertiboa da eta, beraz, autoestimuarekin lotuta dago. Azken finean, helburua da gure hizkuntz aukera erosoago bizi dezagun lortzea.

Ikus Euskaraz bizi al gaitezke? artikulu osoa.

Hiztegia zure mugikorrean

Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren ekimenez, euskara-gaztelania / gaztelania-euskara hiztegia jaso eta erabili dezakezu telefono mugikorrean.

Nahi duzunean jaitsi dezakezu hiztegia SMS Premium sistemaren bitartez. Hiztegia hitza idatzi eta 5464 zenbakira igorri behar duzu mezua aplikazioa jaisteko.

Informazio gehiago: hemen

Nabigatzailea euskaraz

Zure ordenagailuaren Internet nabigatzaileak (Internet Explorer) euskaraz ere hitz egiten du. Zer esan nahi du horrek? Web orri batzuek hainbat hizkuntzetan eskaintzen dituzte edukiak, eta, gure nabigatzailea euskaraz konfiguratuz gero, euskarazko orria etorriko zaigu pantailara.

Horretarako, eragiketa txiki bat baino ez duzu egin behar, urrats hauek eginda (Windows XT eta Officce 2003 bertsioak):

  1. Sartu zaitez nabigatzailearen goiko menuan: Tresnak (Herramientas) -> Internet aukerak (Opciones de Internet) -> Orokorra (General) -> Hizkuntzak (Idiomas)
  2. Hizkuntza (Preferencias de idioma) -> Gehitu (Agregar)
  3. Hizkuntzen zerrendan aukeratu Euskara [eu] (Vasco [eu]) eta sakatu Ados (Aceptar)
  4. Lehio horretan bertan hautatu Euskara (Vasco) eta sakatu Eraman gora (Subir)
  5. Sakatu Ados (Aceptar)

Eta orain, nabigatzailean zer egin dezaket euskaraz?

  • langile tramiteak egin: oporrak, lizentziak, lanorduen kontrola...
  • berriak irakurri
  • Aldizkari Ofiziala, eta Aldundiaren eta Ogasunaren webguneak irakurri
  • Aldundiaren eta Ogasunaren intranetetan nabigatu
  • Euskaraz dauden nire aplikazioak erabili

Ezin entenditu! Erosi ez!

Common Sense Advisory, Inc. aholkularitza-enpresak web bidez produktuak eta zerbitzuak erosten dituztenek eskaintzaren hizkuntzari buruz zuten jarrera aztertu zuten 2006ko udan. Hiru kontinenteetako eta 8 estatuetako 2.400etik gora erosle galdekatu zituzten. Estatuak hauek izan ziren: Alemania, Brasil, Errusia, Espainia, Frantzia, Japonia, Turkia eta Txina. Txostenak informazioa ingelesez soilik eskaintzen duten webguenekiko erosleen jarrerak hartzen ditu kontuan.

Txostenak hainbat ondorio argigarri ditu:

  • Jende gehienak nahiago du bere hizkuntzan erosi. Hau ez da harritzekoa. Jarrera hori Frantzian eta Txinan areagotu egiten da. Jakina ingeles maila txikia dutenen artean norberaren hizkuntzarekiko atxikimenduan areagotu egiten da.
  • Erosketa inportanteak edo baliotsuak egiteko unean gehien-gehienek %85,3k, bere hizkuntzan jaso nahi dute produktu edo zerbitzuari buruzko informazioa.
  • Bertako hizkuntza erabiltzea baina haratago joan behar da, eskaintza itzuli eta lokalizatu behar da: kreditu-txartelak, moneta, …
  • Erosleak ontzat jotzen ditu itzulpen erdipurdikoak bere hizkuntzan informaziorik ez izatea baino. Alegia, itzulpen automatikoak eman dezakeena nahikoa zaie. Elkarrizketatutakoen erdiak baino gehiagok jo izan du itzulpen automatikoa egiten duten sareko baliabideetara saltzailearen weborria bere hizkuntzan jartzeko.

Beraz, ingelesa mundu modernoko lingua franca izanik ere eta gero eta jende gehiagok neurri batean edo bestean menperatzen duen arren, munduan ibitzeko eta, are gehiago, saltzeko norberari bere hizkuntzan egitea baino eraginkorragorik ez dago: euskaldunoi euskaraz, alemaniarrei alemanez edo poloniarrei polonieraz.

Errenta aitorpena euskaraz

Gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz aurkezten duten herritarrak. Aldundiko langileok ere, herritar gisa, euskaraz aurkezteko aukera dugu.

 

Autolikidazio proposamena

 

Zergadunoi etxera bidalitako proposamena telefonoz eta Internet bidez eman dezakegu ontzat. Proposamen hori ele bitan jasoko dugu.

 

Telefonoz: euskaraz hitz egin eta Ogasuneko langileak euskaraz beteko du aitorpena; era berean, aurrerantzean Foru Ogasunarekin izango dituen harremanak euskaraz izan daitezen galdetuko digute.

Internetez: euskarazko aukera erabil daiteke. Hemen ere aurrerantzean errenta zergaren inguruan izango ditugun harremanak euskaraz izan daitezen galdetuko digute.

 

Mekanizatua

Foru Ogasuneko bulegoetan egin behar da, hitzordua telefonoz edo Internetez eskatu ondoren.

Telefonoak eta Interneteko atariak euskara aukeratzeko bidea ematen du. Bulegoan euskaraz eginez gero, langileak euskaraz beteko du aitorpena; ziur egoteko, aitorpena euskaraz egiteko borondatea adierazi. Bukatzeko, aurrerantzean errenta zergaren inguruan izango ditugun harremanak euskaraz izan daitezen galdetuko digute.