Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Mikel Laboa hil da

Donostiako kantautoreak 74 urte zituen.

Foru Aldundiak saritu behar zuen abenduaren 23an. Bere azken lanen artean, 2007ko azaroan ’Lekeitioak’ kaleratu zuen CD formatuan, eta 2005ean ’Xoriek 17’ diskoa plazaratu zuen. Zurriola hondartzan abestu zuen 2006ko uztailean, Bob Dylanekin batera.

Mikel Laboa euskal kantagintza berriaren ildoko musikari eta kantari handienetakoa izan da, Ez Dok Amairuren sortzaile eta kide ezagunenetakoa. Belaunaldiz belaunaldi iraun du Laboaren arrakastak, eta bere garaikideena ez ezik, gazteen miresmena jaso du behin baino gehiagotan. Joxean Artzeren letraren gainean ondu zuen Txoria txori, esaterako, euskal kantarik ezagunenetakoa bihurtu da. Artzerenak bezala, hainbat euskal poetaren letrak musikatu zituen.

Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen, Lekeitioak horren adibide.

Kontsumo iraunkorra


Esnatu berritan harrapatu ninduen. Goizeroko gosari legea egiten ari nintzen, irratiak loaren azken orratzetik askatu ninduenean. Andoni Aizpururena iruditu zitzaidan ahotsak kontsumo iraunkorraren aldeko mezua helarazi zidan, Eusko Jaurlaritzaren Inguramen eta Lurralde Antolamendu sailaren izenean. Kontsumo iraunkorra. Harrapazank!

Lehendik kontsumismoaren apologia neurrigabea egiten duen publizitate zaparrada eta mezu subliminalen zirimiria nahikoa iruditu ez, eta gainetik Herri Administraziotik ere etengabe kontsumitzera bultza behar ote ninduten ba? Izan ere, hori baita nire euskal senak ulertzen duena kontsumo iraunkorra entzutean: etengabeko kontsumoa. Badakit gaztelaniazko “sostenible” horren baliokidetzat euskaraz “iraunkor” emana duela Euskaltzaindiak. Agian testuingururen batean (edo gehienetan, behar bada) baleko izan liteke itzulpen hori. Baina den-denetan ez da bikote hori ongi uztartzen. Eta, nire ustez, hemen aipatutako kasua nabarmena da.

Utzi diezaiogun Eroskiri eguberrietan eta urte guztian (gaur egun eguberriek urte osoa irauten baitute, baina horretaz beste noizbait bueltatuko gara) kontsumo iraunkorra eskatzen; hori bai: gero guk kasurik ez egitekotan. Baina aldaketa klimatikoa saihesteko neurriei buruz ari garenean, eska dezagun kontsumo jasangarria, edo kontsumo eramangarria, edo neurrizko kontsumoa. Halakoxea dugu euskaldunok fama: gutako bakoitzak barruan filologo bat eramatearena. Horixe izango da agian nire bekatua ere; edota nire euskal sena kutsatu xamarra egotea; edo biak batera.

Pozik entzungo nuke lankideok diozuena. Puntua ipinita dago; erantzutea, libre.

---

Xabier Gaztelumendi

Zer egin haurrekin euria ari duenean?

Hainbatek diote gurasook gutxi jolasten dugula seme-alabokin, lanak eta eguneroko martxak denbora luzea hartzen baitigu. Egia dena da jolasa tresnarik onenetakoa eta gozagarrienetakoa dela haur (eta gazteekin) komunikatzeko.

Eguraldi lehorrak aukera handia ematen digu haurrekin hainbat gauzatan aritzeko: txangoa, paseoa, aire zabaleko jolasa, parkea...

Eguraldi bustiak, ordea, baliabiderik gabe uzten gaitu batzuetan. Baliabide horiek (eta aire zabalean erabiltzeko ere bai, jakina) AISIA.NETwebgunean aurkitu ditzakegu. Haur eta gazte jolasei buruzko webgunea da.

Ogasuneko konkurtsilloa eta harreman berriak

Langileen mugimendu handia ekarri dute Ogasun eta Finantza Departamentuan izandako behin-behineko lehiaketaren prozesuak (konkurtsilloa), hori dela-eta sortutako lanpostu hutsak betetzeko prozesuak eta unitate administratibo batzuen lekualdaketak. Giza eta lan harreman berriak ekarri dituzte horiek langileen artean.

Antzeko zerbait gerta daiteke laster ebatziko den errentako aldizkako 21 langile finkoen lan eskaintzaren ondorioz (fijo discontinuo direlakoak).

Oro har, lekuz aldatu diren langile gehienak elebidunak dira (bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzte) eta langile asko euskal hiztunak dira (lankide, senide eta lagunen artean euskaraz bizi dira).

Hori horrela, bi galdera egin daitezke:

  • zer hizkuntzatan sortuko dira lankide euskaldunen arteko harreman berriak?
  • zer harrera egin/egingo zaie lantoki berrietan euskal hiztunei?: aurkezpen saioak, lan prozeduren hasierako azalpena, lan dokumentazioa, zerbitzu eta ataletako buruen langileekiko harreman hizkuntza...

Langile Euskaldunon Taldearen iritziz, behin-behineko lehiaketa aukera on bat da, batetik, departamentuan lankide berrien arteko harremanak euskaraz bideratzeko eta, bestetik, zerbitzu eta ataletako buruak beren langileekiko harreman hizkuntzan zenbateraino eragin dezaketen jabearazteko.

Cómo aprender a hablar euskera en 40 años

Oiartzungo TTur-TTur euskaltzaleon bilguneak antolatuta (urteurrena ospatzen ari da) solasaldi hau izango da:

  • Hizlaria: Asisko Urmeneta umorista
  • Hitzaldia: Cómo aprender a hablar euskera en 40 años y un día, fácilmente
  • Eguna: datorren urriaren 17a, ostirala
  • Ordua: 19:30
  • Tokia: Oiartzungo udaletxeko pleno aretoa

Solasaldia euskaraz izango da. Bereziki, euskaldun berriei eta euskara ikasten ari direnei zuzenduta dagoenez, aukera interesgarria (eta atsegina) da gure departamentuan euskara ikasten ari den lankide horientzat. Uste dugun baino gehiago dira euskara ikasleak.

 

Nafarroa Oinez

Datorren urriaren 19an, igandez, Nafarroa Oinez festa ospatuko da Iruñean, bertako Jaso ikastolaren alde.

Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak erabaki du Iruñerriko guraso talde horren asmoa babestea: beren seme-alabek nafar gizartean euskaraz bizitzeko aukera posible egitea irakaskuntzaren bidez. Horretarako, Nafarroa Oinezekoek salgai jarri dituzten kalitatezko kontserbak (piperrak, orburuak, zainzuriak, barazki menestra) erosteko aukera izango duzue departamentuan.

Nola egin eskaera

  • Solairuz solairu eta lantokiz lantoki antolatu da departamentuko salmenta, langile guztioi posta elektronikoz bidali zaizuen mezuaren arabera
  • Gogoan izan kontserba aleak (latak edo potoak) solte edo lankideekin batera kutxa osatuta eros ditzakezuela.
  • Era berean, kontserba produktuen zerrenda iragarki tauletan izango duzue (postaz ere bidali zaizue, dena den).

Hizkuntz zalantzak argitzeko zerbitzua


Gipuzkoako Foru Aldundian euskaraz lan egiten duten langileek askotan izaten dituzte zalantzak: arauak direla, esamoldeak direla, terminologia dela, estiloa dela... Zalantza gehienak erraz argitzeko modukoak izan ohi dira, baina baldintza bat betetzen bada: arin ematea irtenbidea.

Euskarari buruzko zalantzak berehala argitu nahi badituzu, Nola? da zure irtenbidea.

Zer da Nola?

Nola? zerbitzuak eguneroko lanean, euskaraz egitean, sortzen zaizkizun zalantzak argitu eta zure idatziak zuzenduko ditu, betiere zure estiloa eta idazkera errespetatuz. Euskara Zuzendaritza Nagusiak Aldundiko langileei eskaintzen dien zerbitzu bat da (trebatzaile baten bidez).

Nolako argibideak eska ditzaket Nola? zerbitzuan?

Nola? zerbitzuak laneko idatziekin zerikusia duten galderei erantzungo die: ortografia, morfologia, joskera, estiloa, terminologia, ereduak,  administrazioko idazkiak... Kontsulta bakoitzean nahi adina galdera egin ahal izango dituzu, baina kontuan izan behar duzu oso komenigarria dela testuingurua ematea (hitza zein esalditan datorren, komunikazio egoera zein den, gaia, testu mota...).

Kontsultez gain, zuk egindako testuen oinarrizko zuzenketa ortografiko eta gramatikala ere eskainiko du. Hala ere, izan ezazu kontuan Nola? ez dela itzulpen zerbitzu bat.

Nola erabil dezaket Nola?

Bi modu dituzu zerbitzu honekin harremanetan jartzeko:

  • Posta elektronikoz: nola(a bildua)gipuzkoa.net
  • Telefonoz: 2800 (astelehenetik ostiralera 13:30-14:30)

Noiz erantzungo dizu Nola? zerbitzuak?

  • Kontsulta laburretan, 24 orduren barruan.
  • Dokumentu zuzenketan: orrialde kopuruaren arabera.

 

Lehen hitzaren garrantzia

Asteburuaren ondoren, bulegoko kafemakina ondoan…

(Esther) – Hola, ¿qué tal? ¿Eres nuevo en el servicio, no?

(Xabier) – Sí, entré el lunes pasado, y poco a poco estoy conociendo a la gente y mi trabajo.

Handik astebetera, bulegoko lanlekuan…

(Amaia) – Xabier, ba al dakizu departamentuan antolatuko dela Nafarroa Oinez festaren aldeko laguntza-kanpaina bat eta barazki kontserbak salgai jarriko dituztela?

(Xabier) – Bai, Zergabilketako batek esan dit eta pentsatu dut alboko lankidearekin batera lata eta poto batzuk erostea.

(Esther) – Aizu, Xabier, ez nekien euskalduna zinenik. Nola ez zenidan adierazi lehengoan?

(Xabier) – Oso azalpen erraza du: zeure burua ez baitzenuen euskaraz aurkeztu… Bestela, erraz ohartaraziko zinen…

(…)

Noizean behin izaten dira horrelako elkarrizketak gure artean edo, are gehiago, arruntak direla esango genuke: inertziaz jokatzen dugulako edo uste okerretan oinarritzen garelako ez gara euskaraz zuzentzen solaskideari.

Elebidunok lehen hitza euskaraz eginez gero, solaskideari adierazten diogu berak euskaraz egin dezakeela eta, gainera, guk hizkuntza horretan jarraituko diogula. Horregatik, lehen hitza gure burua aurkezteko balio du, nolabait esanda.

Elebidunak zer neurritan aldatuko du hiztunak lehen hitza euskaraz eginez gero? Egin ezazue froga, eta ustekabe atsegina hartuko duzue. Izan ere, gure inguruan asko eta asko, kontrakoa uste arren, euskaldunak direlako.

Gainera, departamentuan euskaldunak asko garen tokian ere ez gara nagusi, eta norberaren hizkuntza portaera aldatzeak (lehen hitza euskaraz eginez, esaterako) hori apurtzen lagundu dezake.

Joan Mari Irigoienek nobela berria kaleratu du: "Bestea da mundua"

Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) proiektu handi bati ekin dio: Orbetarrak izeneko eleberri-sorta bat, eta horren lehen alea kaleratu berri du: "Bestea da mundua", XIX. eta XX. mende bitarteko industrializazio-prozesuan girotua.

Tximista batek Altzako San Martzial elizako erlojua gelditu zuenetik beti dira 10:30ak herrian. Orduak pasatzen dira, denbora geldirik dago. Beste mundu batean egotea bezalakoa da. Bestea da mundua (Elkar) du izena, hain zuzen, Joan Mari Irigoienen nobela berriak. Orbetarrak trilogiako aurreneko liburua da eta aste honetatik aurrera izango da dendetan.

"Gure euskaltasuna modu batean edo bestean esplikatzen saiatu naiz: hizkuntza normalizatu batean bizi den norbaitek, nire ustez, ez du hizkuntza arazo bezala erabiliko. Nik berriz, hori bizi izan dut umetatik."

http://www.elkarargitaletxea.com/promoak/irigoien/?CFID=17828418&CFTOKEN=d2defff4175d688f-45D83B2A-CE76-F587-FC8E7D4D9E775A27

 

Gida batzordearen agurra

Gutako askok laster hasiko dute udako oporraldia. Momentu hau aprobetxatu nahi dugu Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeko partaideok agurtzeko.

Atseden hartzeko ez ezik, lagunartean lasaiago izan eta toki berriak (Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) bisitatzeko ere parada izan ohi da uda, baita hainbat irakurgai lasai eskuartean hartzeko ere. Gu uda ondoren itzuliko gara, eta eskuartean hiru ekimen bultzatuko ditugu opor ostean:

  • euskaldunon artean hizkuntza leialtasunari eusteko ekimenaren jarraipena
  • euskara ikasten ari diren lankideentzako mintzataldeak
  • gurea  bezalako hiztun taldea beste departamentu batzuetan sortzeko ekimena.
 Opor usaia nagusi
mendi puntara iritsi
hondartzan begiak itxi
beste kulturak ezagutu ta
duten onena ikasi
ahalik ondoen bizi zaitezte
hori bai: euskaraz bizi!

(Doinua: Uso xuria)