Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Egunkaria libre!

egunkaria.bmpGaur sei urte itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria, eta gaur berriro elkartu dira Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean -han zegoen Egunkaria-ren egoitza- hainbat eragile, auzibidea ixteko eskatuz. Hamabietatik aurrera Egunkaria libre! lelopean batu dira berrehun bat lagun, Egunkariaren Aldeko Taldeak deituta.

"Gertaera bereziak, larrienak izanik ere, herri honetan zeremonia sozial arruntez oroitzera ohitzen ari gara. Gainera, hain dira ugari gure herrian gertatu ohi diren gehiegikeria politikoak ezen gehiegikeria bakoitza galduta gelditzen baita auzoan gertatzen denarekin. Gehiegikeria horiek banan banan aipatzen hasiko bagina errosario luzea osatuko genuke", esan du talde haren izenean Joan Mari Torrealdai auzipetuak.

Auzia ixteko eskatu du, eta une hauetan epaiketara bidean daudela gogoratu du. "Ingurura begira jartzen gara, adierazleren bat bilatu nahian, eta aurkitzen ditugunak ez dira onak. Ilegalizazio gehiago, 18/98koak bezalakoak kartzelan, antzerako akusazio oinarriekin diren beste batzuk ere barruan... Ez, ez dira adierazle onak. Ez dugu aurkitzen baikor izateko zantzurik".

Gaurko elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia (EAJko kidea), Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Euskara diputatua (EAJ), Arnaldo Otegi eta Tasio Erkizia (ezker abertzalea), Xabier Mikel Errekondo (Usurbilgo alkatea, ezker abertzalea), Marian Beitialarraingoitia (Hernaniko alkatea, ezker abertzalea), Onintza Lasa (EAko zuzendaritzakidea), Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea), Rebeka Ubera (Aralarreko batzarkidea Gipuzkoa), Mikel Izagirre (EBko kidea eta Urnietako alkatea), Antton Karrera (EB), Patxi Agirrezabala (ELAko Komunikazio arduraduna) eta Rafa Diez (LABeko idazkari nagusi ohia).

Euskarazko formazioa, giltza bat

Azken bizpahiru hilabeteotan, hainbat prestakuntza saio egin dira Ogasun eta Finantza Departamentuan. Horrela, trebatze saioa egin zuten errentako aldizkako langile finkoek, errenta aitorpena euskaraz betetzeko laguntza jasotze aldera; bestetik, kontabilitate ikastaroa egin zuten euskaraz hainbat langilek departamentuko prestakuntza planaren barruan. Beren iritzia eskatu diegu langile horietako biri.

Langile Euskaldunon Taldearen ustez, lana euskaraz egingo badugu, prestakuntza euskaraz jasotzeko aukera erreala izan behar dugu. Izan ere, horrek beharrezkoak zaizkigun baliabideak emango dizkigu eta zerga alorreko diskurtsoa taxutzen lagunduko digu. Euskaraz lan egiteko giltza bat da prestakuntza. Beharrezkoa da Foru Aldundia eta departamentuak horretaz jabetzea, eta prestakuntza planetan hizkuntza irizpideak erabiltzea. Gainontzekoan, langileok ere prestakuntzako kultur berri batean sartzen joan behar gara: euskarazko saioak ere gure formazio ibilbidean sartzea pixkanaka.

Ondorengo bideoetan elkarrizketaren zati bat grabatuta dago. Testuetan, aldiz, elkarrizketa osoa irakur daiteke; horretarako, sakatu hizkuntzaren gainean:

Jose Ignacio Mendazona

Jon Elortza


Inskripzioak euskaraz erregistro zibilean

Dagoenekoz Donostiako erregistro zibilean egin daitezke jaiotza, heriotza, ezkontza eta tutoretza izen emateak euskaraz. Epaitegiko euskara batzordeak eskubide hau erabiltzera gonbidatu ditu hiritarrak.

Bazkaria sagardotegian

Aurten ere, iritsi zaigu sagardotegirako ohiko espedizioa egiteko garaia. Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak gonbitea luzatzen dizue gurekin batera mahaiaren inguruan eta kupelen ondoan elkartzera, betiere giro umoretsuan.

  • Noiz: martxoaren 12an, ostegunean
  • Non: Urkiola sagardotegian (Donostiako Igara auzoa)
  • Zer ordutan: 15:15etan, mundu guztia edalontzia eskutan
  • Zenbat: 33 euro besterik ez

Izena emateko azken eguna martxoaren 4a, asteazkena, izango da. Bazkarira Ogasuneko taldeak deitu arren, Diputazioko lankideengana irekita dago deia.

Izena emateko, Ogasuneko lantoki bakoitzeko ohiko pertsonengana jo behar da edo, bestela, mezua bidali gure taldearen helbidera: langileeuskaldunok(a bildua)gipuzkoa.net

Euskara eta kupela dira

gaurko festaren lokarri

umore ona nagusi eta,

zenbat parre, zenbat irri

gure artera etorri dira

aurten hainbat kide berri

denon beharra daukagu eta

guztiok ongi etorri

Puntu EUS

“mehatxupean dauden eremu urriko hizkuntzek aurrera egingo badute, horien hiztunek teknologia elektronikoa erabiltzen dutelako izango da”
David Crystal [ Cambridge University, 2004 ]

“prestigio sozialik gabe hizkuntzak desagertu egingo dira”
Amadeu Abril i Abril [ .cat domeinua ]

Euskarak erronka berri bat du: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz. Interneten, izenik ez duena, ez da. Eta hori da euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen erronka berria: Interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .EUS domeinua.

Interneten .eus domeinua izan dezagun PuntuEus Elkartea lanean ari da, eta horretarako atxikimenduak biltzen hasi dira helbide honetan: 

http://www.puntueus.org/eu/atxikimenduak


 

Benta Berritik

Antonio Majók idatzi digu Benta Berritik. Hona hemen berak bidalitako mezua:

Kaixo: Bi lerro bakarrik esateko sorpresa ederrra izan dudala Intranet irekitzerakoan. Ez nekien ezer zuen ekintzataz, nahiz eta Mugikortasun departamentuan (Benta Berrin) lan egin. Zorionak eta aurrera! Ea noiz zabaltzen den Diputazio osora zuen egitasmoak! Euskaltzale bat.

Antonio Majók

Euskalbar 3.3

Firefox nabigatzailearen gehigarrietako bat da. Oso praktikoa da. Euskarazko hiztegi gehienetan kontsultak egiteko balio du: Ellhuyar, Euskalterm, Hiztegi Batua…

Kontsulta bat egiteko hiztegia dagoen web gunera jotzea saihesten du eta, gainera, hiztegi batean baino gehiagotan ere egin daiteke bilaketa. Euskaraz idazten duten guztientzat gomendagarria da Euskalbar, betiere Firefox bidez nabigatzen badute.

Lehen hitz bakarrak bilatu behar ziren; orain, berriz, bilaketa konbinatua egin daiteke (“aire acondicionado”, adibidez).

Solasean Enpresa Komiteko presidentearekin

Diputazioko Langile Komiteko presidente Koldo Muniain elkarrizketatu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Muniainek erantzun die langileen hizkuntza ohituren inguruan eta Aldundiko hizkuntza ofizialen erabilera planaren inguruan egindako galderei. Hona ideia nagusiak:

  • "(…), irudipena dut [euskaldunok] oraindik ez dugula euskara normaltasunez erabiltzen"
  • "(…) zer egiten dugu [jendaurreko langileak] lehen hitza euskaraz egiteko gai badira, baina, ondoren, gaiak ebatzi behar dituztenek gazteleraz egiten badute?"
  • "Beraz, sartzen diren langile [berri] guztiek euskal hiztunak behar dute izan, hizkuntza eskubideak bermatu nahi baditugu, behintzat"
  • "(…) ezin dugu esan ‘ez dago nahiko jende [euskarazko taldea osatzeko] eta bertan behera utziko dugu ikastaroa’".

Bideoan elkarrizketaren zati bat grabatuta dago. Testua, aldiz, elkarrizketa osoa irakur daiteke; horretarako, sakatu hizkuntzaren gainean:

Firefox nabigatzailearen abantailak

Web nabigatzailea gaur egun ordenagailuan gehien erabiltzen den aplikazioa da askotan. Gero eta gehiagotan Internetera eta intranetera jotzen dugunez, nabigatzaileek informazioa prozesatzeko gaitasuna areagotu egiten dute.

Firefox nabigatzaileak hainbat abantaila ditu lanean erabiltzen dugun Internet Explorer-ren aldean:

  • Erlaitzetan (”pestaña”) oinarritutako nabigazioa. Orri bat baino gehiago aldi berean irekita eduki daitezke leiho bakar batean (lehenago, hainbat lehio ireki behar ziren).
  • Gehigarriak instalatzeko aukera (hiztegien menu barra...).
  • Eguneratze saio automatikoak.
  • Euskarazko bertsioa du.

Firefox deskargatu

 

 

Euskarazko produktuen gida

Aurten ere euskarazko produktuen katalogoa eman da argitara, etxean eta eskolan egiten den inbertsioak segida bat izan dezan kultur produktuen kontsumoan. Hamasei urte bitarteko haur eta gazteentzako produktu bildu dira aurtengo katalogoan. Izan ere, katalogoan aurki daitezke diskoen, liburuen, aldizkarien, filmen, jolasen, DVDen eta informatika produktuen erreferentziak.

Katalogoan azaltzen diren prezioak gutxi gorabeherakoak dira; argitaletxeek emandako prezioak direnez, baliteke dendako prezioarekin bat ez etortzea.

Katalogoa praktikoa da Eguberrian egiten ditugun opariei begira. Halere, urtean zehar ere erreferentzia bat da gure seme-alaba nahiz ilobei nahiz beste haur edo gazte batzuei zerbait oparitzekotan.

- Ikus Euskarazko produktuen katalogoa (PDF)