Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: Langile Euskaldunon Taldea

Nafarroa Oinez festaren alde

errotanberbetan 06/10/2009 @ 14:34

Datorren urriaren 18an, igandez, Nafarroa Oinez festa ospatuko da Arbitzu, Lakuntza eta Arruazun, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolaren alde.

Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak erabaki du herri haietako guraso talde horren asmoa babestea: beren seme-alabek nafar gizartean euskaraz bizitzeko aukera posible egitea irakaskuntzaren bidez. Horretarako, Nafarroa Oinezekoek salgai jarri dituzten kalitatezko kontserbak erosteko aukera izango duzue departamentuan.

Ogasuneko eskaerak

Solairuz solairu eta lantokiz lantoki antolatu da departamentuko salmenta, langile guztioi posta elektronikoz bidali zaizuen mezuaren arabera. Gogoan izan aleak solte (lankideekin batera osatuta, adibidez) edo kutxatan eros ditzakezuela.

Era berean, kontserba produktuen zerrenda iragarki tauletan izango duzue (postaz ere bidali zaizue).

Bazkaria sagardotegian

errotanberbetan 06/02/2009 @ 13:00

Aurten ere, iritsi zaigu sagardotegirako ohiko espedizioa egiteko garaia. Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak gonbitea luzatzen dizue gurekin batera mahaiaren inguruan eta kupelen ondoan elkartzera, betiere giro umoretsuan.

  • Noiz: martxoaren 12an, ostegunean
  • Non: Urkiola sagardotegian (Donostiako Igara auzoa)
  • Zer ordutan: 15:15etan, mundu guztia edalontzia eskutan
  • Zenbat: 33 euro besterik ez

Izena emateko azken eguna martxoaren 4a, asteazkena, izango da. Bazkarira Ogasuneko taldeak deitu arren, Diputazioko lankideengana irekita dago deia.

Izena emateko, Ogasuneko lantoki bakoitzeko ohiko pertsonengana jo behar da edo, bestela, mezua bidali gure taldearen helbidera: langileeuskaldunok(a bildua)gipuzkoa.net

Euskara eta kupela dira

gaurko festaren lokarri

umore ona nagusi eta,

zenbat parre, zenbat irri

gure artera etorri dira

aurten hainbat kide berri

denon beharra daukagu eta

guztiok ongi etorri

Benta Berritik

errotanberbetan 29/01/2009 @ 13:28

Antonio Majók idatzi digu Benta Berritik. Hona hemen berak bidalitako mezua:

Kaixo: Bi lerro bakarrik esateko sorpresa ederrra izan dudala Intranet irekitzerakoan. Ez nekien ezer zuen ekintzataz, nahiz eta Mugikortasun departamentuan (Benta Berrin) lan egin. Zorionak eta aurrera! Ea noiz zabaltzen den Diputazio osora zuen egitasmoak! Euskaltzale bat.

Antonio Majók

Gida batzordearen agurra

errotanberbetan 02/07/2008 @ 08:07

Gutako askok laster hasiko dute udako oporraldia. Momentu hau aprobetxatu nahi dugu Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeko partaideok agurtzeko.

Atseden hartzeko ez ezik, lagunartean lasaiago izan eta toki berriak (Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) bisitatzeko ere parada izan ohi da uda, baita hainbat irakurgai lasai eskuartean hartzeko ere. Gu uda ondoren itzuliko gara, eta eskuartean hiru ekimen bultzatuko ditugu opor ostean:

  • euskaldunon artean hizkuntza leialtasunari eusteko ekimenaren jarraipena
  • euskara ikasten ari diren lankideentzako mintzataldeak
  • gurea  bezalako hiztun taldea beste departamentu batzuetan sortzeko ekimena.
 Opor usaia nagusi
mendi puntara iritsi
hondartzan begiak itxi
beste kulturak ezagutu ta
duten onena ikasi
ahalik ondoen bizi zaitezte
hori bai: euskaraz bizi!

(Doinua: Uso xuria)

Bazkariko argazkiak

errotanberbetan 14/03/2008 @ 08:41

Atzo Urkiola sagardotegian bazkaria izan zen, Langile Euskaldunon Taldeak antolatuta. Elkarrekin momentu atsegina pasatu eta elkarren berri izateko asmoz elkartu ginen.

Bazkarian izandako giroaren lekuko dira irudi hauek:

Kupeleko bertsoak

errotanberbetan 13/03/2008 @ 09:04

Gaur elkartuko gara departamentuko langile euskaldunok Urkiola sagardotegian (Donostiako Igara auzoa) bazkaltzera. Kupel ondoan abesteko, hainbat bertso prestatu dutugu, Andre Madalen doinuan abesteko.

Xuxurlaren 2. zenbakia

errotanberbetan 03/03/2008 @ 08:55

Xuxurla berripaperaren bigarren zenbakia argitaratu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Izan ere, departamentuko langile euskaldunei berri emateko eta komunikazio zubiak egiten laguntzeko sortua da berripapera.

Blogaren eskuinaldeko Gure taldea ataletik jaitsi dezakezue PDF formatuan.

Txotx

errotanberbetan 20/02/2008 @ 15:09
 Bazkaria
txotx.jpg
Lankide euskaldunok elkarren berri izateko aldartea
      • Datorren martxoaren 13an, ostegunez
      • Urkiola sagardotegian (Igara - Donostia)
      • Hartu bazkari txartela zure lantokian (35 €)
Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldearen eskutik

Bilera zuzendari nagusiekin

errotanberbetan 18/02/2008 @ 09:27

Joan den astean Ogasun eta Finantza Departamentuko zuzendari nagusiekin elkartu zen Langile Euskaldunon Taldeko gida batzordeko kide bat, gure taldeak eskatuta. Ogasun zuzendari Pedro Mari Ruiz de Azua eta Aurrekontu eta Finantzetako zuzendari Martin Beramendi izan zituen solaskide.

Gida batzordearen helburuak ziren Langile Euskaldunon Taldearen berri ematea eta taldeko partaide izateko gonbitea egitea, bai eta departamentuko hizkuntza ofizialen erabilera planean kolaborazioa eskaintzea eta langile euskaldunon lan jardunean aurkitzen ditugun hainbat oztopori buruzko kezka batzuk helaraztea.

Bileran giro ona izan zen, eta entzuteko jarrera sumatu zen. Gustura atera ginen bileratik, besteak beste, lehen harreman formala egokia izan delako, taldearen jarduna ezagutu dutelako eta kolaboraziorako bidea irekita dagoelako.

Gainera, bai Ruiz de Azuak eta bai Beramendik partaide izateko gonbitea onartu dute. Gustura onartu ere. Guretzat garrantzitsua da haiek gonbitea onartzea, euskal hiztunok bai langile mailan, bai arduradun mailan eta bai kargu mailan ordezkatuta gaudelako eta, era berean, zuzendari nagusiak taldeko partaide izateak departamentuko euskal hiztunon komunitateari prestigioa ematen diolako.

Partaide gehiago gara

errotanberbetan 18/02/2008 @ 09:11

Joan den urtarrilean Langile Euskaldunon Taldean abian jarri genuen partaide berriak egiteko saioa. Eta ez orduko 140 kideak taldearen helburuak gauzatzeko nahikoak ez izateagatik, baizik eta egoki iruditzen zitzaigulako lantokian oposizio baten ondoren sartutako lankide berriei nahiz Ogasun eta Finantza Departamentuan kargu politiko berriei taldeko partaide izateko gonbitea egitea.

Saioa dela medio, oraingoz hogei lankidek bat egin dute gure taldearen jardunarekin eta partaide izateko gonbitea onartu dute. Gaur egun 160 lankide inguru bilduta daude Langile Euskaldunon Taldera.

Partaideok hizkuntz historia pertsonal desberdinak ditugu (euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, lana aurkitzeko euskara ikasitakoak, euskaraz bizitzeko gogoa berreskuratu dutenak...), baina denok lotzen gaitu denboran eta espazioan jarraipen bat duen hiztun talde baten partaide garela sentitzeak, bai eta bi hizkuntz komunitate dituen gizarte bateko herritar garela eta gizarte horren zerbitzura aritzen diren langile publikoak garela jakiteak ere.