Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: Lanerako baliabideak

Adobe Reader euskaraz

errotanberbetan 05/05/2009 @ 14:39

PDF dokumentuak irakurtzeko Adobe Reader programaren azken bertsioa (Adobe Reader 9, Adobe Acrobat ere esaten zaio), euskaraz dago orain Windowserako. Ez da, dena den, PDFak sortzeko edo irakurtzeko euskarazko aukera bakarra. Linux-en Evince dago, eta plataforma guztietan OpenOffice euskaraz izanda, dokumentuak (adibidez Word) PDF bihurtzea erraza da, software librea erabiliz bide batez.

Erref.: Adobe Reader euskaraz (get.adobe.com)

Euskalbar 3.3

errotanberbetan 29/01/2009 @ 09:26

Firefox nabigatzailearen gehigarrietako bat da. Oso praktikoa da. Euskarazko hiztegi gehienetan kontsultak egiteko balio du: Ellhuyar, Euskalterm, Hiztegi Batua…

Kontsulta bat egiteko hiztegia dagoen web gunera jotzea saihesten du eta, gainera, hiztegi batean baino gehiagotan ere egin daiteke bilaketa. Euskaraz idazten duten guztientzat gomendagarria da Euskalbar, betiere Firefox bidez nabigatzen badute.

Lehen hitz bakarrak bilatu behar ziren; orain, berriz, bilaketa konbinatua egin daiteke (“aire acondicionado”, adibidez).

Firefox nabigatzailearen abantailak

errotanberbetan 16/01/2009 @ 15:26

Web nabigatzailea gaur egun ordenagailuan gehien erabiltzen den aplikazioa da askotan. Gero eta gehiagotan Internetera eta intranetera jotzen dugunez, nabigatzaileek informazioa prozesatzeko gaitasuna areagotu egiten dute.

Firefox nabigatzaileak hainbat abantaila ditu lanean erabiltzen dugun Internet Explorer-ren aldean:

  • Erlaitzetan (”pestaña”) oinarritutako nabigazioa. Orri bat baino gehiago aldi berean irekita eduki daitezke leiho bakar batean (lehenago, hainbat lehio ireki behar ziren).
  • Gehigarriak instalatzeko aukera (hiztegien menu barra...).
  • Eguneratze saio automatikoak.
  • Euskarazko bertsioa du.

Firefox deskargatu

 

 

Zer egin haurrekin euria ari duenean?

errotanberbetan 24/10/2008 @ 14:25

Hainbatek diote gurasook gutxi jolasten dugula seme-alabokin, lanak eta eguneroko martxak denbora luzea hartzen baitigu. Egia dena da jolasa tresnarik onenetakoa eta gozagarrienetakoa dela haur (eta gazteekin) komunikatzeko.

Eguraldi lehorrak aukera handia ematen digu haurrekin hainbat gauzatan aritzeko: txangoa, paseoa, aire zabaleko jolasa, parkea...

Eguraldi bustiak, ordea, baliabiderik gabe uzten gaitu batzuetan. Baliabide horiek (eta aire zabalean erabiltzeko ere bai, jakina) AISIA.NETwebgunean aurkitu ditzakegu. Haur eta gazte jolasei buruzko webgunea da.

Hizkuntz zalantzak argitzeko zerbitzua

errotanberbetan 23/09/2008 @ 09:08


Gipuzkoako Foru Aldundian euskaraz lan egiten duten langileek askotan izaten dituzte zalantzak: arauak direla, esamoldeak direla, terminologia dela, estiloa dela... Zalantza gehienak erraz argitzeko modukoak izan ohi dira, baina baldintza bat betetzen bada: arin ematea irtenbidea.

Euskarari buruzko zalantzak berehala argitu nahi badituzu, Nola? da zure irtenbidea.

Zer da Nola?

Nola? zerbitzuak eguneroko lanean, euskaraz egitean, sortzen zaizkizun zalantzak argitu eta zure idatziak zuzenduko ditu, betiere zure estiloa eta idazkera errespetatuz. Euskara Zuzendaritza Nagusiak Aldundiko langileei eskaintzen dien zerbitzu bat da (trebatzaile baten bidez).

Nolako argibideak eska ditzaket Nola? zerbitzuan?

Nola? zerbitzuak laneko idatziekin zerikusia duten galderei erantzungo die: ortografia, morfologia, joskera, estiloa, terminologia, ereduak,  administrazioko idazkiak... Kontsulta bakoitzean nahi adina galdera egin ahal izango dituzu, baina kontuan izan behar duzu oso komenigarria dela testuingurua ematea (hitza zein esalditan datorren, komunikazio egoera zein den, gaia, testu mota...).

Kontsultez gain, zuk egindako testuen oinarrizko zuzenketa ortografiko eta gramatikala ere eskainiko du. Hala ere, izan ezazu kontuan Nola? ez dela itzulpen zerbitzu bat.

Nola erabil dezaket Nola?

Bi modu dituzu zerbitzu honekin harremanetan jartzeko:

  • Posta elektronikoz: nola(a bildua)gipuzkoa.net
  • Telefonoz: 2800 (astelehenetik ostiralera 13:30-14:30)

Noiz erantzungo dizu Nola? zerbitzuak?

  • Kontsulta laburretan, 24 orduren barruan.
  • Dokumentu zuzenketan: orrialde kopuruaren arabera.

 

Oinarrizko hiztegiak

errotanberbetan 09/06/2008 @ 12:09

Euskarazko testu bat edo testu elebidun bat idazten ari garenean, batzuetan zalantzan gaude hitz bat nola idatzi edo adierazi. Zalantza argitzeko, irtenbide errazenaz gain (aldameneko lankideari galdetzea, adibidez), beharrezkoa izaten da oinarrizko hiztegia pantailan izatea.

Hori dela eta, komenigarria da gure ordenagailuko nabigatzailean oinarrizko hiztegi hauen lotura egitea, loturak (Vínculos) edo Gogokoak (Favoritos) botoian:

Jakina, ogasun alorreko hiztegia ere beharrezko baliabidea dugu lanean.

Nabigatzailea euskaraz

errotanberbetan 12/05/2008 @ 08:06

Zure ordenagailuaren Internet nabigatzaileak (Internet Explorer) euskaraz ere hitz egiten du. Zer esan nahi du horrek? Web orri batzuek hainbat hizkuntzetan eskaintzen dituzte edukiak, eta, gure nabigatzailea euskaraz konfiguratuz gero, euskarazko orria etorriko zaigu pantailara.

Horretarako, eragiketa txiki bat baino ez duzu egin behar, urrats hauek eginda (Windows XT eta Officce 2003 bertsioak):

  1. Sartu zaitez nabigatzailearen goiko menuan: Tresnak (Herramientas) -> Internet aukerak (Opciones de Internet) -> Orokorra (General) -> Hizkuntzak (Idiomas)
  2. Hizkuntza (Preferencias de idioma) -> Gehitu (Agregar)
  3. Hizkuntzen zerrendan aukeratu Euskara [eu] (Vasco [eu]) eta sakatu Ados (Aceptar)
  4. Lehio horretan bertan hautatu Euskara (Vasco) eta sakatu Eraman gora (Subir)
  5. Sakatu Ados (Aceptar)

Eta orain, nabigatzailean zer egin dezaket euskaraz?

  • langile tramiteak egin: oporrak, lizentziak, lanorduen kontrola...
  • berriak irakurri
  • Aldizkari Ofiziala, eta Aldundiaren eta Ogasunaren webguneak irakurri
  • Aldundiaren eta Ogasunaren intranetetan nabigatu
  • Euskaraz dauden nire aplikazioak erabili

Windows eta Officce euskaraz

errotanberbetan 18/04/2008 @ 09:40

Gure lan ingurunea aldatzen ari da hizkuntzei dagokionez: gero eta gehiago dira euskaraz dakiten lankideak, gero eta maizago egokitzen zaigu lan bat euskaraz egitea, informazioa eta dokumentazioa gehiagotan datorkigu euskaraz...

Lan ingurune aldakor horretara egokitzeko beste modu bat da norberaren ordenagailuaren programak euskaraz jartzea. Zehazki, oinarrizko softwarea: Windows eta Officce. Egun Ogasun eta Finantza Departamentuko 140 langilek dute euskarazko bertsioa instalatua.

Baldintza bat bete behar da euskarara aldatzeko: ordenagailuean Windows XT eta Officce 2003 instalatuta edukitzea.

Ordenagailuaren hizkuntza aldatu edo euskarazko bertsioa frogatu nahi baduzu, idatzi mezua Langile Euskaldunon Taldeari, eta guk eskaera tramitatuko dizugu.

  • Gure e-postako helbidea: langileeuskaldunok(a bildua)gipuzkoa.net

Zuzentzaile ortografikoa

errotanberbetan 04/02/2008 @ 12:57

Zure lanean testuak idazten badituzu, komenigarria da zuzentzaile ortografikoa erabiltzea. Horretarako, Xuxen zuzentzailea egokia da.

Izan ere, ohitura faltaren poderioz, batzuetan ez dugu betarik hartzen idatzitakoa birpasatzeko. Hori dela eta, behin baino gehiagotan akats ortografikoren bat gertatzen da testuaren barruan, eta testuaren hartzailea izaten da akatsen berri ematen diguna.

Arazo hori saihestea erraza da. Zuzentzaile ortografikoa da irtenbide onena. Foru Aldundiko Intraneten aurkitu dezakezu:

- Erabilpenak eta baliabideak
- Hizkuntza baliabideak
- Euskarazko zuzentzaile ortografikoa

      Azken atal horretan sartuta, jarraibideak irakurri eta kasuan kasuko artxiboa jaitsi eta instalatu behar da. Hortik aurrera, Worden txertatuta geratzen da zuzentzailea, eta testua idazten duzun bakoitzean Wordek zalantzan dagoen edo oker idatzi den hitza gorriz azpimarratuko du. Saguaren eskuineko botoiari emanda irtenbide egokiena aukeratu behar duzu.

      Nola argitu ditzaket zalantzak?

      errotanberbetan 21/11/2007 @ 16:14

      Langileok batzuetan izaten ditugu zalantzak euskaraz idaztean: arauak direla, esamoldeak direla, terminologia dela, estiloa dela... Zalantza gehienak erraz argitzeko modukoak izan ohi dira, baina baldintza bat betetzen bada orduan: irtenbidea arin ematea behar dugu.

      Euskarari buruzko zalantzak berehala argitu nahi baditugu, Nola? da gure irtenbidea.

      Nola? zerbitzuak eguneroko lanean, euskaraz egitean, sortzen zaizkigun zalantzak argitu eta gure idatziak zuzenduko ditu, betiere gure estiloa eta idazkera errespetatuz. Euskara Zuzendaritza Nagusiak Aldundiko langileoi eskaintzen digun zerbitzu bat da.

      · e-posta: nola@gipuzkoa.net
      · telefonoa: 2800 (astelehenetik ostiralera 13:30 – 14:30)