Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: Euskararen jendea

Aurkezpen eraginkorrak: plaza libreak

errotanberbetan 04/03/2009 @ 15:00

Inoiz gertatu da euskarazko formazio ikastaro bat egin gabe geratu dela pertsona gutxi zeudelako izena emanda. Hori ez gertatzeko, aipatu zerbitzuari inoiz esan zaio gaztelaniazko taldeetan izena emandako langile euskaldunei gonbitea luzatzeko euskaraz egiteko aukera aztertu dezan.

Oraingoan, Foru Aldundiko Prestakuntza Atalak jakinarazi du osatu gabe dagoela Aurkezpen eraginkorrak egiten ikasi ikastaroa euskaraz egiteko plaza kopurua. Ikastaroa bilerak antolatu edo bertan parte hartzen dutenei zuzenduta dago, eta haiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

Hori dela eta, blog honen bidez ere taldea osatzen lagundu nahi dugu. Horretarako, gonbitea luzatzen dizuegu Ogasun eta Finantza Departamentuan nahiz Foru Aldundian ikastaro horretan interesa duzuen langileoi ikastaro horretan izena eman dezazuen.

Ikastaroan izena emateko epea irekita dago, eta ohiko moduan (GFAren intraneta) inskribatu daiteke bertan.

Euskarazko formazioa, giltza bat

errotanberbetan 16/02/2009 @ 11:49

Azken bizpahiru hilabeteotan, hainbat prestakuntza saio egin dira Ogasun eta Finantza Departamentuan. Horrela, trebatze saioa egin zuten errentako aldizkako langile finkoek, errenta aitorpena euskaraz betetzeko laguntza jasotze aldera; bestetik, kontabilitate ikastaroa egin zuten euskaraz hainbat langilek departamentuko prestakuntza planaren barruan. Beren iritzia eskatu diegu langile horietako biri.

Langile Euskaldunon Taldearen ustez, lana euskaraz egingo badugu, prestakuntza euskaraz jasotzeko aukera erreala izan behar dugu. Izan ere, horrek beharrezkoak zaizkigun baliabideak emango dizkigu eta zerga alorreko diskurtsoa taxutzen lagunduko digu. Euskaraz lan egiteko giltza bat da prestakuntza. Beharrezkoa da Foru Aldundia eta departamentuak horretaz jabetzea, eta prestakuntza planetan hizkuntza irizpideak erabiltzea. Gainontzekoan, langileok ere prestakuntzako kultur berri batean sartzen joan behar gara: euskarazko saioak ere gure formazio ibilbidean sartzea pixkanaka.

Ondorengo bideoetan elkarrizketaren zati bat grabatuta dago. Testuetan, aldiz, elkarrizketa osoa irakur daiteke; horretarako, sakatu hizkuntzaren gainean:

Jose Ignacio Mendazona

Jon Elortza


Solasean Enpresa Komiteko presidentearekin

errotanberbetan 17/01/2009 @ 00:18

Diputazioko Langile Komiteko presidente Koldo Muniain elkarrizketatu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Muniainek erantzun die langileen hizkuntza ohituren inguruan eta Aldundiko hizkuntza ofizialen erabilera planaren inguruan egindako galderei. Hona ideia nagusiak:

  • "(…), irudipena dut [euskaldunok] oraindik ez dugula euskara normaltasunez erabiltzen"
  • "(…) zer egiten dugu [jendaurreko langileak] lehen hitza euskaraz egiteko gai badira, baina, ondoren, gaiak ebatzi behar dituztenek gazteleraz egiten badute?"
  • "Beraz, sartzen diren langile [berri] guztiek euskal hiztunak behar dute izan, hizkuntza eskubideak bermatu nahi baditugu, behintzat"
  • "(…) ezin dugu esan ‘ez dago nahiko jende [euskarazko taldea osatzeko] eta bertan behera utziko dugu ikastaroa’".

Bideoan elkarrizketaren zati bat grabatuta dago. Testua, aldiz, elkarrizketa osoa irakur daiteke; horretarako, sakatu hizkuntzaren gainean:

Euskara zuzendariarekin solasean

errotanberbetan 18/06/2008 @ 08:59

Arestian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria elkarrizketatu du Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldeak. Giro zintzo batean erantzun zizkion gure galderei. Hona ideia nagusiak:

  • "Herritarren hizkuntz eskubideak bermatu behar dira, bai ahozko harremanetan eta bai idatzizko harremanetan."
  • "Segurtasuna eman behar diegu [langileei], euskaraz jardutera iritsi daitezkeelako."
  • "Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langile guztiak sartuko dira erabilera planetan."
  • "Aldundiko jendaurreko lanpostuen mapa sortu nahi dugu."

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, sakatu hizkuntzaren gainean: