Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Artxiboa: Ekaina 2009

Hangoak eta hemengoak

mikelazkarate 23/06/2009 @ 07:59

Joan den egunean ezagun baten hitzek zer pentsaturik eman zidaten. Hura kexu zegoen Katalunian katalan hiztun asko ohituta daudelako (katalanez ez dakien) haiei norbait gaztelaniaz zuzenduz gero ere katalanez jarraitzera.

Gaztelaniazko hiztunenganako errespetu falta omen da portaera hori, haren iritziz. Errespetu falta? Ez dakit, bada; azken finean, haien herrian daude katalanak eta hango herritar ia guztiek katalana ulertzen dute. Oro har, esango nuke katalanak hiztun asertiboak direla, alegia horrelako egoeretan hizkuntza ez aldatzen eta katalanez eroso hizketan jarraitzen ohituta daudela.

Gogora etortzen zait lantokian behin eta berriro ikusten dudanean euskal hiztunak euskaraz ari direlarik lankide bat -askotan elebiduna- gaztelaniaz zuzentzen zaiela, besteak euskaraz ari direla erreparatu gabe.

Azken kasu horretan, askotan inor ez da harritzen. Akaso, euskal hiztunek harridura-sentimendu isildu eta, hizkuntza aldarazi dietela jabetu gabe, gaztelaniara aldatzen dira.

Bolo-bolo irratian entzun dut uda pasata hiztunen asertibotasunari buruzko tailerra antolatzera doazela Errotaburun.

Euskaraz seguruago

errotanberbetan 05/06/2009 @ 14:13

Jakingo duzue agian Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskaraz seguruago kanpaina martxan daukala, aseguru etxeetan egiten ditugun kontratuak (etxeenak, kotxeenak...) euskaraz jartzeko, eta hemendik aurrera aseguru kontratuak euskaraz egitea ohiko bihurtzeko.


 

Kanpainan parte hartzea erabakita, bada, han joan nintzen aseguru etxera, horrelakoetan askotan gertatzen zaidan bezala, estu samar, nola hartuko ote ninduten beldurrez. Baina, hara non oso harrera ona egin zidaten! Baietz, bazutela kanpaina horren berri eta oso jarrera ona dagoela haien aldetik horretarako... Egia esan, bulego horretan eskaera egiten nuen lehenbizikoa nintzela... eta abar eta abar. 


 

Hala, bada, kanpaina horretan parte hartzera animatzen zaituztet. Erraza da: www.kontseilua.org webgunean sartuz gero han aurkituko duzue.

 

 

Koro Zumalabe