Aldundiaren hizkuntza politikaz (I)
Joan den urtearen bukaeran topaldi ez-ohikoa eta interesgarria izan zen Foru Aldundian. Izan ere, departamentu guztietako goi karguak (diputatuak eta zuzendari nagusiak) bildu zituen Markel Olano diputatu nagusiak. Agintaldi hasiera baliatu zuen Olanok mintegi moduko batean karguei Foru Aldundiaren hizkuntza politikaren berri azaltzeko.
Horretarako, alde batetik, EHUko zuzenbide katedradun IƱaki Agirreazkuenaga ekarri zuten kargu politikoen aurrean hizkuntza politikaren alderdi juridikoak azaldu eta argitzeko. Beste aldetik, Euskararen zuzendari nagusi Estibaliz Alkortak Aldundiaren hizkuntza politikaren berri eman zien karguei.
Agirreazkuenagaren azalpenak agiri batean jasota daude. Guri gogoeta interesgarri iruditu zaigulako ekarri dugu hona. Ez dugu hemen errepikatuko agiri osoa (Hizkuntza alorreko oinarrizko printzipioak eta Gipuzkoako Aldundiko hizkuntz plangintza: oraina eta geroa), eta blog honen Irakurgaiak atalean jarri dugu zuen eskura. Funtsezko puntuak baino ez ditugu aipatuko.
1. Zerbitzu eta lan hizkuntza. Administrazio publikoek ziurtatu behar dute herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dela kanpo harremanetan. Barne edo lan harremanetan euskara bakarrik erabil daiteke Administrazioak hala erabakitzen badu (horixe gertatzen da Estatuko Administrazio Periferikoan gaztelaniarekin).
2. Orekazko irtenbidea. Funtsezko arazo honi irtenbidea aurkitu behar dio Administrazioak: biztanleriaren zati batek hizkuntza ofizialetako bat (gaztelania) bakarrik ezagutzen duenean, nola uztartu hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta hizkuntza dela-eta diskriminatua ez izateko printzipioa? Horretarako, hizkuntza plangintzaren beharra eta Gipuzkoako errealitate soziolonguistikoa uztartu behar dira.
3. Errealitate soziolinguistikoa. Gipuzkoan biztanleen erdia baino gehiago elebiduna izateak berarekin dakar Administrazioko langileen euskara ezagutza Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoan dagoen euskararen ezagutzaren parean jartzen duen plangintza prestatu beharra.

Zabaldu
del.icio.us